XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sasoi makalak


BATZUTAN, esnatu eta ez dugu zihurtasunik
batere.
Zer den hobea, zer ederra, zer egiantza:
ematen du,
uste dut edo iruditzen zait erantsi behar
ezer esan orduko.


Ezagun da zer den: behartsuaren ofizioa,
bizitzea.
Leihoaren kristalaren kontra
zeru faltsoa zeharkatzeko
behin eta berriz dunbaka tope egiten duen
txoriarena bezala.


Munduari eta bizitzari buruz
ez dakigu apenas ezer,
dena inoratuz gabiltza inondik
inora
eta akaso ez dugu egundo gehiago
barruntatuko.


Sasoi makalak benetan, hain makalak ze
baten batek besterik gogoratzen duenean,
Hura bai sasoia hura!, inork ez daki
zer nahi duen esan.
Bihar bizirik jeikiko gara? Zaila da
bizitza bizitzea


filme bat begiratzen duguneko
jakinmin eta emozioarekin.
Zalantza haziak ereiten ditugu
zalantzondoak biltzeko.